Saltoki handiak eta saltoki txikien auziaz

Beste idazki bat, hau ere altura honetarako bikaina. Irakurri eta aztertu zeintzuk errekurtso erabailtzen dituen Nereak.

Gure bizimodua aldatzen ari da eta orain dela urte batzuk dibertitzen gintuenak gaur egun aspertu egiten gaitu. Bat-batean behar berriak sortzen dira gizartean eta dagoeneko ez dugu gogoratzen nola bizi ginen beste garai batean. Hala ere, noizbehinka premiazkoa da gogoratzea, zertan ari garen eta non gauden ere ez dakigulakoan nago eta.

Argi dago usadioak aldatu egin direla azken urteetan. Ni txikia nintzenean kalean jolasten ginen, izan ere, ia ia kalean bizi ginen eta euria egiten bazuen, anoraka janzten genuen eta kalean ezin baginen egon, etxera joaten ginen geneuzkan jolasekin disfrutatzera. Gurasoek astean zehar egiten zituzten erosketak, asteburuan guztia itxita zegoelako eta ogia izoztu behar izaten genuen, asteburuan jan nahi izanez gero. Orain gogoratzean, badirudi aurrehistoriari buruz hitz egiten ari naizela, baina guztiok bizi izan dugu egoera hori eta ez ginen gaur egun baino zoritxarrekoagoa, izan ere, hitz egiten dudan jende askok oso zoriontsua zela aipatzen du.

Urteak pasatu ahala, moda berriak sortzen dira eta desberdin bizi gara. Orain ikus dezakegu nola jartzen duten gero eta merkatal zentru gehiago gure herrietan, eta hazkunde honi oso ondo deritzogu. Jende anitzek asteburuetan horiek bezalako guneetara joatea erabakitzen du; berdin dio euria ari duen ala ez, edonola ere arratsaldea pasatzen dute-eta Max Centerren edo Mega Parkean. Hori dela eta, kaleetan geneuzkan denda txikiak desagertzen ari dira pixkanaka-pixkanaka.

Dena den, hainbat arrazoi daude egoera hau sor dadin, kontsumoaren garaian bizi izateaz gain, lan mundua ere asko aldatu da eta Barakaldo herri industriala izanda, zerbitzuen herri bihurtu da. Industrializazioa desagertu zenetik, lantegi guztiak bota zituzten gune handi asko utzita. Leku hauei guztiei irteera eman behar zitzaien eta lantegiak zeuden lekuetan saltoki handiak eraikitzea erabaki zuten. Azkenean, zenbat eta hauek bezalako gune gehiago jarri, orduan eta abantaila gehiago egongo zirela pentsatuko zuten, kontsumo handiago egoteagatik ez ezik, sortuko ziren lan postu berriengatik ere jarraitu zuten proiektuarekin.

Nahiz eta abantailak egon, ezin diogu pentsatzeari utzi gurea dena galtzen ari dela, gero eta denda txiki gutxiago geratzen zaigu, betiko frutadenda, haragidenda edo arropa denda ixten ari direlako eta Eusko Jaurlaritzak egindako iragarkiak esaten zuen bezala, herriak edo hiriak dendarik gabe, hilda daude. Herri batean giroa ematen duena da dendak irekita ikustea.

Bestalde, errua ez dakit norena den, gurea, saltoki handietako jabeena edo gure agintariena, baina gu igandeetan erostera joateko prest egongo ez bagina, haiei ez litzaieke egun hauetan dendak irekitzea bururatuko. Neure buruari galdetzen diot hain beharrezkoa den ordutegi berriak egitea, erosoegiak izateak bizitzarik gabeko pertsona bihurtuko gaituelako. Orokorrean, bizitzan bestearen lekuan jarriko bagina, zenbat gauza aldatuko liratekeen!!


Nerea Caballero

No hay comentarios: