Gizonak eta emakumeak

Beste idazki bat. Zuek idatzitako bat, alegia. Irakur ezazue, gauza politak ditu eta.

GIZONAK ETA EMAKUMEAK

Askotan hitz egiten dugu gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruz, benetan berdinak garen pentsatzen gelditu gabe. Berdintasuna eta eskubideak nahasten ditugulakoan nago eta hori dela eta, arazoak datozkigu. Argi dago gizonak eta emakumeok erabat desberdinak garela, baina horrek ez du esan nahi eskubideetan desberdinak izan beharko dugunik.

Gizonak eta emakumeak desberdinak gara arrazoi mordorengatik eta argudio fisikoak ez ezik, psikologikoak ere kontuan hartu behar ditugu. Argi dago genetikak bakoitzari eman dizkiola ezaugarri desberdinak eta hori dela eta, esate baterako, orokorrean gizonak emakumeok baino indartsuagoak dira eta emakumeok gizonak baino trebeagoak gara. Bestalde, gizonak eta emakumeok desberdin jokatzen dugu hainbat egoeratan, pentsaera desberdina dugulako. Hala ere, horregatik ez dago hobea denik, desberdina baino ez, eta hori nabaritzen da bikotea edukitzean edo lan egitean emakumeak eta gizonak elkarrekin daudenean. Dena den guztiok elkarren ondoan bizi behar dugu eta ahalik eta hoberen konpontzen saiatu behar dugu.

Beste kontu bat da eskubideei buruz berba egiten dugunean, orduan bai berdinak izan behar dugulakoan nago. Lehen aipatu dudan bezala, badaude berdintasuna eta eskubideak okertzen dituztenak eta desberdinak izateagatik eskubide desberdinak ere eduki behar ditugula esaten dutenak. Urteetan zehar pertsona askok ideia horiek buruan izanda, eskubiderik gabe utzi dituzte emakumeak eta emakumeek asko borrokatu behar izan dute eskubide berberak lortzearren. Hala ere, oraindik joera desberdinak ikus daitezke eta hobetu behar diren jarrera asko.

Lanean, alde batetik, goiko lan postuak gizonei ematen jarraitzen dute. Gaitasunak kontuan hartu gabe eta gizonak izateagatik baino ez dizkiete lan postu garrantzitsuak ematen. Beste alde batetik, soldatak momentuz ez dira parekatu eta emakumeen soldata gizonena baino baxuago da nahiz eta lan bera egin.

Etxeetan ere asko nabaritzen da eskubide eza. Gizonek emakumeek baino askoz gutxiago egiten dute, bai garbiketan bai seme-alaben heziketan, bai gaixoen zainketan, baina urte asko izan dira matxismoaren menpean eta zaila izango da usadioak aldatzea. Gizonek badaukate buruan etxean emakumeoi laguntzen digutela eta ez dira konturatzen haien lana ere badela.

Baina etxetik ateratzen garenean gauzak ez dira hobetzen. Emakumeak egiten duena gizonak egiten duena baino txarrago iruditzen zaigu, egoera bera izanagatik. Hala nola, mozkortuta dagoen neska edo makinetan jokatzen dagoen emakumea ikustean , normalean, ez omen dugu mozkortuta edo makienean ari dena gizona izango balitz erreakzionatzen. Ez dut ulertzen zergatik, edonola delarik ere, irudia penagarria delako eta makinetan jokoan dagoen diru kopurua berdina delako.

Desberdinak garela eta desberdin jokatzen dugula argi dago, baina desberdintasun horrek lagundu behar gaitu gure arteko aberastasun handiagoa lortzen. Hala ere, ez bitza inork desberdintasun horiek erabil, gizonek emakumeek baino gehiago eduki behar dutela defendatzeko. Azken finean guztiok lelo bera eduki beharko genuke: Desberdintasunean badago edertasuna baina eskubiderik gabe ez dago ez edertasunik ez orekarik.

Nerea Caballero

1 comentario:

Anónimo dijo...

kaixo Nerea ¡.Textu bikaina iruditu zait.Oso ondo antolatuta eta garapenari buruz zer esan....ondo baino hobeto.Zuk idazten duzun bezain ondo nik idatzi nahiko nuke.

Segi horrela edo hobe esanda harik duk eta ¡¡

FERNANDO